XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errumaniako mehatzarien matxinadak Gobernuaren gainbeherakada ekarri du

Gorengo Kontseiluak Armada bidali du kaleetara matxinatuen kontra

Errumaniako mehatzarien matxinadak Petre Roman lehen ministroaren Gobernuarekin akabatu zuen herenegun.

Langabezi tasaren gorakada eta prezio igoerekin batera merkatu ekonomiaren sarrera prozesuak izan dira lehen ministro errumaniarraren erorketa ekarri duten matxinadaren zergatiak.

Mehatzarien haserrea isiltzeko, Defentsako Gorengo Kontseiluak Armada bidali du kaleetara.

BUCURESTI

Errumaniako erakunde politiko nagusiek osatzen duten Kontseilu honek gobernu berria eratzea erabaki zuen atzo, milaka mehatzarik Bucurestiko kaleetan izugarrizko iskanbilak sortu ondoren.

Mehatzarien matxinada Gobernuaren egoitzaraino iritsi zen eta berau hartzea lortu zuen.

Errumaniako telebista ofizialak adierazi zuen Ion Iliescu lehendakaria eta Petre Roman ere kide diren Kontseiluak erreboltaren kontra Indar Armatuak bidali dituela Bucurestiko kaleetara.

Kontseiluaren erreakzio hau, iskanbiletan gutxienez lau lagun hil zirela jakin zuenean etorri zen.

Kale guztiak Jiu-tik joandako mehatzarien mende zeuden herenegun goizetik.

Mehatzariek, lan baldintzekin nazkatuta, Ion Iliescu eta Petre Romanen dimisioa exigitzen dute, egoera ekonomiko larriaren erantzuleak direlako eta 1989ko abenduko iraultzak bota zuen erreximen komunistarekin segitzen dutelako.

Telebista errumaniarrak emandako informazioaren arabera, Defentsako Gorengo Kontseiluak beharrezko neurriak hartuko ditu zabalkunde politikoa izango duen gobernu berria osatzeko.

Era berean osatu nahi den gobernuak ordenu publikoa hobeto mantenduko du eta demokraziarako prozesuekin jarraituko du.

Armadari mehatzarien aurkako neurriak hartzeko baimena eman diotenez, herenegungo lau hildako eta 60 zaurituak baino ondorio latzagoak ekar ditzake erabaki horrek.

Orain Iliescuren aurka manifestatu diren mehatzariei, 1990eko ekainean Iliescuk berak deitu zien, erreforma demokratikoak areagotzeko eskatuz manifestatu ziren oposizioko taldeei aurre egiteko.

Petre Romanen Gobernuaren erorketaren arrazoiak lehen ere aipatu ditugu.

Meatzariek berea egin zuten Bucarest

Orain Iliescuren aurka manifestatu diren mehatzariak, 1990eko ekainean Iliescuk berak dei egin zien, oposizioko taldeen aurka manifestazioa egiteko.

MERKATU EKONOMIAREN ONDORIOAK

Herenegun mehatzariek egin zuten matxinada ekonomiaren gainbeherakada salatzeko izan zen.

Aurretik, Bucurestiko dendak sakeatu zituzten jakien prezio garestia salatzeko.

Langabezi arriskua ez daukate Jiuko mehatzariek bakarrik, 178.000 errumaniarrek baizik, iturri ofizialek emaniko datuen arabera, hau da, biztanlegoaren % 2,5ek.

Joan zen apirilean langabezi tasa % 0,7koa zen soilik.

Atzo bertan Petre Romanek defendatutako produktuen liberalizazioak prezio garestitze handia ekarri zuen.

Lehen mailako produktuen prezio igoera % 100-200ekoa izan zen.